fbpx
 

©Carmen Moreno JRS Mena

Eskolan ematen da inklusioa, adiskidetzea eta bakea. Eskola sendagarria da haurrentzat, bereziki larrialdi-egoeretan.

Entreculturas eta Alboan erakundeok Fe y Alegría eta Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin (JRS) batera lan egiten dugu lekualdatutako eta errefuxiatutako haurrei hezkuntza jasotzeko aukera eskaintzeko, bai eta harreman- eta harrera-espazioak izan ditzaten ere.

Gure lanaren bitartez, bizikidetza sustatu eta bazterkeriari aurrea hartzen diogu, bai ikastetxeetan, bai komunitateetan.

Harrera naiz: etorkizuna naiz

Pueblos Unidos erakundearekin batera, Madrilera iristen diren migratzaileentzako hospitalitatearen, harreraren eta solidaritatearen kultura sustatu nahi dugu, bereziki adingabeentzat, harrera integrala ematen baitzaie:

  • Laguntza: lehen arreta, ongietorria, entzutea eta orientazioa
  • Aholkularitza
  • Gaztelaniazko eskolak eta prestakuntza
  • Arreta juridikoa, beren eskubideak ezagutu eta defendatu ahal izan ditzaten
  • Jarduera soziokulturalak, gizartera daitezen

Aukera hobeen itxaropenez iristen den pertsona, gazte, familia bakoitza gizarte honen parte sentitzea, bere eskubideak zein diren jakitea eta aurrera egin ahal izatea nahi dugu.

©PUEBLOS UNIDOS

©PUEBLOS UNIDOS

©PUEBLOS UNIDOS

Komunitate-babesa: hospitalitatea eta laguntza

Komunitate-babesa partaide garen gizarte zibilaren ekimen bat da, Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin batera, gure herrialdera zaurgarritasun-egoeran iristen diren errefuxiatuei harrera egiteko eta laguntzeko, helmugan benetako integrazio segurua egon dadin.

Komunitate-babesaren bitartez, errefuxiatuen harrera integrala izatea eta haien bizitzak berreraikitzeko eta aurrera egiteko oinarriak izan ditzaten lortzen dugu.

Integrazio-proposamena da 18 eta 24 hilabete arteko epean zaurgarritasun-egoera larrian dauden familiei harrera egitea. Horrela, komunitatea zuzenean inplikatzen da errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko lanean, haien integrazio-prozesuetan lagunduz eta babestuz, oinarrizko euskarri-sare gisa jardunez eta haien beharrizan material, afektibo eta pertsonalei batera erantzunez.

©ALBOAN

©IVÁN BENÍTEZ

©IVÁN BENÍTEZ

Kolonbia: harrera egiten duen hezkuntza

5,5 milioi venezuelar baino gehiago atera dira beren herrialdetik azken bi
hamarkadetan. Horietako % 85 eskualdeko herrialdeetan geratzen dira, hala nola Kolonbian, eta azken hori eskualde-mailan erantzuten ahalegintzen ari da, laguntza humanitarioko ahalegin egituratuarekin. Hala ere, zenbatekoak hain dira handiak, ezen presio jasanezina sortu baituen baliabide eta zerbitzu publiko nazionaletan. Kolonbiarekin duen erdiko mugan, Arauca hiriak ia 90.000 biztanle eta ia 37.000 errefuxiatu venezuelar ditu; hortaz, tentsio- eta gatazka-egoerak sortzen ari dira.

 

JRSrekin batera Latinoamerikan eta Kariben, lanean ari gara hezkuntza jasotzeko aukera eskaintzeko haur errefuxiatuei eta babes- eta prebentzio-espazioak sendotzeko, bai hezkuntza-erakundeetan bai komunitate-mailan, indarkeria-dinamiketatik aldendu eta inklusio- eta bake-eraikitzaileak izan daitezen.

Elikadura-segurtasunik, babesik eta oinarrizko zerbitzurik ez duten komunitate horiek bizi dituzten larrialdi-egoerei erantzuteko lan egiten dugu.

Kolonbian bertan, Buenaventura inguruan, era berean JRS Colombia erakundearekin batera, komunitate etnikoetako barne-lekualdatuak artatzen ditugu, hala nola wounnan herrikoak. Komunitate indigena horrek Bajo Calima eskualdean du bere lurraldea eta talde armatuen arteko liskarrengatik lekualdatu zen.

 

5.400 pertsonari baino gehiagori ematen diegu lehen mailako arreta, osasun-laguntza eta hezkuntzarako sarbidea. Hezkuntzaren bidez, haurren segurtasuna eta babesa sustatzen dugu behartutako errekrutatzearen eta legez kanpoko jardueretan erabiltzearen aurka, eta harrera-komunitateetan haurren integrazioa eta inklusioa sustatzen dugu.

©FE Y ALEGRÍA COLOMBIA

©SERGI CÁMARA

©SERGI CÁMARA

Ukraina eta mugako herrialdeak: bizikidetza eta inklusioa

Zortzi milioi pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dute Ukraina, eta mugako herrialdeetara joan, hala nola Poloniara, Hungariara edo Errumaniara. Erdiak haurrak dira.

 

Ukraina barruan, bost milioi pertsonak baino gehiagok lekuz aldatu behar izan dute, eta horietako asko haurrak dira. 

Nerabe eta gazteekin mota guztietako jarduera artistikoak garatzen ari gara, hala nola antzerkia eta dantza, baita hizkuntza ikastaroak ere, komunikazioa eta integrazioa errazteko.

Babeslekua, ostatua eta elikadura emateaz gainera, gatazkaren ondorioz lekualdatutako haurrek hezkuntzarako sarbidea izan dezaten bermatzeko lan egiten dugu, Ukrainan beren eskolak online jarraitu ahal izateko baliabideak eskainiz. Interneterako konexioa eta tabletak eskaintzen dizkiegu konektatu ahal izateko, eskolako tresnez eta bestelako materialez gain.

 

Gela lagunkoiak ere garatzen ditugu, hau da, harrera-herrialdeetako eskoletan eta haurtzaindegietan sortutako gelak, haur ukrainar errefuxiatuen integrazioa eta harrera bultzatzeko. Espazio horietan elkarrekin modu librean jolas daitezke, beren bizitzetara normaltasunaren zati handi bat ekartzen diete. Horretarako, ama ukrainarrak ditugu; irakasleak dira eta denbora hori boluntarioki eskaintzen dute.

 

Harrera-herrialdeetako irakasleei ere laguntzen diegu, haur errefuxiatuen inklusioa kudeatu ahal izan dezaten.

©SERGI CÁMARA

©SERGI CÁMARA

©SERGI CÁMARA

Siria eta Libano: hezkuntza larrialdian

Siria etapa oso kritikoa bizitzen ari da. Berriki izandako lurrikarek larriagotu egin dute biztanleriak bizi zuen egoera zaila. 12 urte bete dituen gerra zibil baten erdian, 15,3 milioi pertsonak laguntza humanitarioa behar zuten jada lurrikara gertatu aurretik, eta 6,8 milioi pertsona barne-lekualdaketako egoeran zeuden. Siria da munduko barne-lekualdatu gehien dituen herrialdea.

 

Herrialdeko hezkuntzaren egoera oso eskasa da. Eskolei eta unibertsitateei behin eta berriro eraso diete (1.584 orain arte), eta eskola-uztearen tasak oso altuak dira. JRSrekin batera, 10 urtetik gora daramatzagu osasun-zerbitzuak ematen eta
botikak banatzen barne-lekualdatuen, tokiko komunitateko kideen eta baldintza prekarioetan bizi ziren itzulitakoen artean gehien behar duten pertsonei. Betiere, arreta berezia jarrita haurrengan, haien ongizatea eta hezkuntza jasotzeko duten aukera bermatzeko.

Bost milioi pertsonak baino gehiagok Siriatik alboko herrialdeetara ihes egin dute, esate baterako Libanora; azken horrek bere biztanleriaren laurden baten baliokidea den siriar errefuxiatuen bolumena hartzen du. Azpiegituren ahuleziak eta errefuxiatuen fluxu hain esanguratsuari aurre egiteko baliabideen eskasiak, 2020ko abuztuan Beiruteko portuan izandako leherketek, koronabirusaren pandemiak eta arlo politikoko egoerak zaurgarritasun-egoeran jarri dituzte bertako biztanle gehienak, errefuxiatuekin batera, eta tentsioak sorrarazi dituzte errefuxiatuen eta biztanle hartzaileen artean. 300.000 haur errefuxiatuk baino gehiagok eskolatu gabe jarraitzen dute.

2012az geroztik, JRSrekin batera, Libanon errefuxiatuak artatzeko eta hartzeko programak ditugu abian.

Gure hezkuntza-proiektuen ardatza eskolaurreko hezkuntza, lehen hezkuntza eta eskola-laguntza dira, bai hiri-eremuetan, bai landa-eremuetan. Adingabeekin eta haien familiekin lan egiten dugu, haurrek kalitatezko hezkuntza eskuratu ahal izan dezaten eta, ahal den neurrian, Libanoko hezkuntza-sisteman sartu eta gizartean integratu ahal izan daitezen.

©MIKHAIL DEMIAN JRS Mena

©JRS Líbano

©JRS Líbano

Tanzania: inklusioa bultzatzen duen hezkuntza

Tanzanian 248.000 errefuxiatutik gora bizi dira. % 67,4 jatorriz Burundikoak dira; gainerakoak, berriz, Kongoko Errepublika Demokratikotik datoz. Biztanleria osoaren % 55ek 0-17 urte artean dituzte. Horietako ia erdia baino apur bat gehiago dago eskolan izena emanda. Gerrak, bai Burundin bai Kongoko Errepublika Demokratikoan, eskolara joatea eragotzi die 57.142 haurrei.

 

Tanzaniako esparruetan desgaitasun fisiko edo mentalen bat duten haurrak zenbat diren galdetu dugu. Erantzuna da ez dakitela. Ez dago informazio ofizialik. Daturik ez izate horrek bere kabuz hitz egiten du: desgaitasuna ez da sartzen Tanzaniako esparruetako eragile humanitarioen lan-ikuspegietan.

2021az geroztik, JRSrekin batera lanean ari gara premia bereziak dituzten haurrak eskolatzeko; horretarako, identifikatu egiten ditugu, ikaskuntza errazteko ekipamendu egokiak eskaintzen ditugu (betaurrekoak, gailu akustikoak eta gurpil-aulkiak, besteak beste), irakasleak trebatzen ditugu beharrezko gaitasun pedagogikoak izan ditzaten eta komunitatea sentsibilizatzen dugu premia bereziak dituzten pertsonen eskubideei buruz.

2022az geroztik, gainera, errefuxiatuen nahiz tokiko komunitateko haurren hezkuntza indartzeko konpromisoa ere hartu dugu.

Adinean dauden haurren % 21 besterik ez da joaten eskolaurreko ikastetxeetara, eta, hortaz, mugatu egiten dira beste haur batzuekin giro seguru eta babeslean harremanak izateko aukerak, hazteko eta lekualdatzearen ondorioz izandako traumei aurre egiteko beharrezkoak diren gizarte- trebetasunak garatuz. JRSrekin batera lanean ari gara hezkuntza bake-zubia izan dadin errefuxiatuen eta harrera-biztanleen artean.

©JRS

©IRENE GALERA JRS

©JRS

Kongoko Errepublika Demokratikoa: babesten duen hezkuntza

Kongoko Errepublika Demokratikoa munduko krisi humanitario handi eta
konplexuenetako bat jasaten ari da. Afrikako kontinentean lekualdatutako biztanle
gehien dituen herrialdea da, eta munduan gutxien garatutako herrialdeen artean dago, biztanleriaren % 82 baino gehiago pobrezia absolutuaren atalasean bizi baita.

 

20 urte baino gehiago dira, talde armatuek gauzatutako indarkeria iraunkorraren eraginez, bost milioi pertsonak baino gehiagok beren etxeak utzi behar izan dituztela. Milaka eskola suntsitu dira eta 2’9 milioi haurrek baino gehiagok hezkuntza-premia larria dute.

Haurrak bereziki kalteberak dira talde armatuen behartutako errekrutatzearen aurrean, eta neskatoek sexu-indarkeria jasateko aukera gehiago dute

Haurrak bereziki kalteberak dira talde armatuen behartutako errekrutatzearen aurrean, eta neskatoek sexu-indarkeria jasateko aukera gehiago dute, bai eskolan, bai eskolarako bidean, eta miliziek bahitu egin ditzakete, borroka egin dezaten, sukaldeko lanak egin ditzaten edo talde armatuetako kideekin ezkontzera behartu ditzaten.

 

JRSrekin batera lan egiten dugu lekualdatutako haurrek hezkuntza jaso dezaten sustatzeko, arreta berezia jarrita neskatoengan. Eskola-materiala, kit pedagogikoak eta eskola-tasetarako finantza-laguntza ematen dizkiegu. Eskola ez da soilik prestakuntza-espazioa, bake-, babes-, inklusio- eta bizikidetza-espazioa ere bada.

©SERGI CÁMARA

©SERGI CÁMARA

©SERGI CÁMARA

Errealitate globala

Egungo testuinguruak ikusarazten digu, inoiz baino gehiago, dena lotuta dagoela. Hori dela eta, Entreculturas eta Alboan erakundeok tokikoan jartzen dugu arreta, bai eta globalarekin duen loturan ere. Honetan ari gara lanean:

 

– Eten digitala murriztea: lan egiten dugun zentro eta erakundeen barruan, baliabide informatikoak eskuratzeko aukerarik ez duten gazteak identifikatuz eta erantzuna eman ahal izateko baliabideak kudeatuz.
– Lanbide Heziketako irakasleei laguntzea enplegagarritasuna hobetzeko programa birtual bat ezartzen.
Irakasleei eta hezitzaileei laguntza psikosoziala eta hezigarria ematea, proposamen metodologiko honen bitartez: Decide Convive: Educación para la Ciudadanía Global en Contexto de Exclusión(Erabaki, Bizikide izan: Herritar globalentzako hezkuntza bazterkeriaren testuinguruan); eta azken baliabide didaktiko hauen bidez: “Un mundo de cuento” (Ipuinetako mundua) y “Un mundo en Movimiento(Mugimenduan ari den mundua)
– Gazteei bideratutako proposamen didaktikoen sortzea, lema honekin: Nuestro Momento es Ahora(Gure garaia orain da), gure gazteen sare nazionalentzat eta 27 herrialde baino gehiagotako gazteak lotzen dituen nazioarteko “Red generación 21+” sarearentzat.

Entreculturas eta Alboan erakundeok lanean jarraitzen dugu hezkuntzak babesten jarrai ditzan.

©VÍCTOR ALFONSO

©VÍCTOR ALFONSO

©VÍCTOR ALFONSO

Eskolak babestu egiten ditu.

©Fe y Alegría Colombia